Kulturgintzari buruzko kezka eta gogoetak kultur plazaren erdigunera ekarriko ditu 49. Durangoko Azokak. Areto Nagusia gogoetaren plaza izango da aurten, elkarrizketa, solasaldi eta mahainguru formatuetan. Prentsaurrean ezagutarazi dira gune guztien aurtengo nobedade nagusiak.

"Non gauden eta norantz goazen aztertzea da helburua, hiru gai hizpide hartuta: hizkuntzaren hautua, sostengu ekonomikoa eta transmisioa", Nerea Mujika Gerediaga elkarteko zuzendariak azaldu duen bezala. "Euskal kulturgintzaren gogoeta gune garrantzitsu bihurtzea da erronka".

Gune-prentsaurrea-denak

Arrate Illarok (Irudienea) eta Lutxo Egiak (Ahotsenea) hartu dute ardura gunez gunekako aurtengo nobedade nagusiak aurkezteko. Zortzi geltokiko ibilbidean, Areto Nagusikoaz gain, honela laburbil daitezke gainontzeko guneen nabarmenena:

  • Ahotseneak karpa bi edukiko du, batean liburu eta disko aurkezpen-solasaldiak, eta bestean 55 zuzeneko eskainiko dira, aurrez aurre ipinitako bi oholtzatan.
  • Irudienea, aurten ere zinean egongo da, eta 35 proiekzio eskainiko ditu, formatu guztietakoak; gainera, Kameratoia rallyaren 10. edizioa ere hartuko du.
  • Kabi@ gunean teknologia proiektu berrienak aurkeztuko dituzte, egun bakoitzean ardatz bat hartuta: hezkuntza, sortzaileak, komunitatea eta enpresak.
  • Plateruenak hartuko ditu gaueko kontzertu jendetsuenak: Gatibu, Hesian eta Vendetta. Gainera, kafe antzokiak 10. urteurrena ospatuko du aurten.
  • Saguganbaran, transmisioa helburutzat hartuta, Berbaro elkarteak Mintzolarekin batera elkarlanean era guztietako tailerrez bete dute egitaraua.
  • Szenatokian, sortze prozesuan dauden antzezlanei buruzko solasaldia, zortzi pieza laburreko antzerki maratoia eta "Txapeldun" obraren estreinaldia.
  • Azoka TB aurten telebista plato izango da, publikoak bai azokan bertan eta bai sare sozialen bidez interaktuatzeko aukera eskainita zuzeneko saioetan.
PLG_CONTENT_ITPSOCIALBUTTONS_SUBMITPLG_CONTENT_ITPSOCIALBUTTONS_SUBMITPLG_CONTENT_ITPSOCIALBUTTONS_SUBMITPLG_CONTENT_ITPSOCIALBUTTONS_SUBMIT