Kameratoiaren XI. edizioa!

kameratokiaGaztea zara eta laburmetraiak egitea gustoko duzu? Eta gainera, 3600 euro saritan eskuratu gura zenuke? Bada, ez galdu Kameratoiaren XI. edizioa! Hirugarren urtez, Euskal Herriko ikus-entzunezko Rallyaz gozatzeko aukera izango dugu Durangoko Azokako Irudienea gunean.

 

Euskaltzaleon Topaguneak antolatzen duen ekimen honetan parte-hartzeko, izena ematen duten lagunek 18 eta 35 urte artean izan beharko dituzte. Aurten, 48 ordu izan beharrean, gazteek 50 ordu izango dituzte euskarazko laburmetraiak sortzeko, Azokaren 50. urteurrenari keinu eginez. Rallyan parte hartzeko
www.kameratoia.com webgunean eman behar da izena; azaroaren 30a da horretarako azken eguna.

Abenduaren 5ean parte hartzaileek landu beharreko gaia eta ezaugarrien berri izango dute harrera ekitaldian eta, hau bukatu bezain pronto, Rallyari hasiera emango zaio. Aurten sortzaileek 50 ordu izango dituzte, gehienez sei minutuko iraupena izango duen film labur baten gidoia osatu, grabazio lanak egin eta edizio lanak burutzeko. Baliabide teknikoei dagokionez, taldeek beraien ekipo teknikoa erabili beharko dute.

Kameratoiaren helburuetako bat parte hartzaileen ekoizpen artistikoa gizarteratzea da. Horregatik, lehiaketan sortutako pieza guztiak Creative Commons Aitortu–Partekatu lizentziapean zabalduko dira. Eduki kulturalak erabiltzeko lizentzia horrek, copyright ezagunak ez bezala, sormen lanen zabalkundea errazten du, baimena ematen baitu edukiok zabaldu, berrerabili eta haietan oinarrituta lan berriak sortzeko, beti ere jatorrizko egileak aipatzeko eta eratorritako lanak baldintza berdinetan partekatzeko betebeharrarekin.

Abenduaren 7an 14:00ak baino lehen entregatu beharko dituzte parte hartzaileek bideoak, eta abenduaren 8an sari banaketa gala ospatuko da Durangoko Azokako Irudienea ikus‐entzunezkoen plazan (Durangoko Zugaza zineman). Bertan, lan guztien emanaldia eskainiko da eta epaileek ondorengo sariak banatuko dituzte: Lehen Saria, 1.200 eurokoa izango da; bigarrena, 900 eurokoa eta hirugarren saria eskuratzen duen taldeak, 600 euroko txekea jasoko du.

Lehiaketan 18 eta 35 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal izango dute eta azaroaren 30a izango da izena emateko azken eguna: www.kameratoia.com gunean izen‐emate fitxa bete beharko da. Lehen 30 taldeek soilik izango dute parte‐hartzea bermatuta, eta gainontzekoak itxarote zerrendan sartuko dira. Lehiaketaren oinarriak webgunean daude ikusgai osorik.

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn