54. Durangoko Azoka - Kulturaren Plaza

Ez, eskerrik asko. Gladysen leihoa.

      

Filma proiektatu eta solasaldi bat egongo da.

Sinopsia: 80ko hamarkada hasieran mugimendu antinuklearra puri-purian zegoen nazioartean, eta baita Euskal Herrian ere. Kostaldean eraikitzear ziren hiru zentralez gain (Lemoiz, Ea-Ispaster eta Deba), Arguedasen laugarren bat egiteko asmoa zegoen. Horren aurka protestatzeko, mobilizazioak antolatu ziren Tuteran. Gladys del Estal Ferreño Tuterara joan zen, baina ez zen itzuli. Manifestazio baketsu hartan, Guardia Zibil baten tiroak hil zuen. Film honek, Gladysen gertakariaren harira, garaiko gizartearen onespena lortu zuen mugimendu sozialaren erretratu bat egin nahi du. Sinopsi osoa: Mugimendu antinuklearrak hainbat mobilizazio antolatu zituen nazioartean 1979an, Three Mile Islandeko (Harrisburg, AEB) istripuaren ondotik ­-eta ekainaren 3ko Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren ospakizunekin bat eginez­-. Euskal Herrian ere giroa bero zegoen: kostaldean eraikitzear ziren hiru zentralez gain (Lemoiz, Ea-Ispaster eta Deba), Arguedasen laugarren bat egiteko asmoa zegoen. Handik gertu, Tuteran, ospatu ziren mobilizazioak, bide batez, Bardeetako tiro- eremua desegin zedila aldarrikatuz. Gladys del Estal Ferreño Tuterara joan zen, baina ez zen itzuli. Manifestazio baketsu hartan, Guardia Zibil baten tiroak hil zuen. Dokumental honek bi asmo nagusi ditu: batetik, 23 urteko gazte hura nor zen eta gertakariok nola gertatu ziren ezagutaraztea; bestetik, Euskal Herrian eta mundu zabalean zentral nuklearren kontra 70eko eta 80ko hamarkadetan antolatutako erresistentzia prozesua ulertzen laguntzea. Gladys ez zen izan bortizki hil zuten pertsona bakarra. Haren heriotza baino lehenagoko eta ondorengo gertakariak jasotzen ditu filmeak, garaiko euskal gizartearen gehiengoa erakarri zuen mugimendu soziala irudikatuz.

Itzuli